XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraindik HABErekin bueltaka.

Aurreko hilean HABE aldizkariarekin zer gertatzen ote zen galdetzen genuen, hiru hilabetetan ez zela ateratzen eta.

Oraingo honetan, berriz, buelta ematea tokatzen zaigu: badirudi berriz ere kalean ikusi ahal izango dugula HABE aldizkaria.

Indarberrituta datorrela ematen du gainera, hiru hilabetez indarrak biltzen egon ondoren.

Badugu konpetentzia berriro ere, eta gusto handiz hartu gainera.

Hau idaztean oraindik ez dugu HABE alerik ikusi, eta beraz ezin dugu esan ea zerbait aldatu ote denentz.

Itxaron egin beharko dugu ikusi arte.

Dena dela, berriro ere ongi etorria ematen diogu HABE aldizkariari euskal mundura, izan ere, ez dakit nork gaztelaniaz esan zuen bezala, kortes izateak ez du kentzen ausarta izatea.

Nafarroa eta Bizkaitik datoz berriak.

Bi berri dator telebistan: batetik Nafarroako Telebistarekin sortu diren istiluak: PSOEk eta UPNk bultzatua, AP-ren abstentzioarekin eta EA, CDS eta UDFren aurkako botoekin, aurrera aterako da Nafarroako hirugarren katea.

Beti bezala, telebista arma politiko bezala hartu behar da, eta hemen ez da kontrakorik gertatzen: Nafarroako telebista Navarrista izateko sortua, diru-zulo itzelarekin, oraindik ere zeresanik emango du.

Bestetik, Leioako EHUko kanpusean telebista txiki bat sortzeko asmoa dago, edo hobeto esanda, asmoa baino gehiago errealitatea.

Esparru txikia izango du, baina orain irratia dagoen bezala, kazetaritzako ikasleek ETBz gain beste tokiren bat ere izango dute praktikak egiteko.

Batzu itxi, besteak ireki Joan den hilean, Apirilean, Radio Miramar-Onda Vasca irratiak emititzen hasi ziren; beno, egia esan hau definizio soila da, aspaldidanik emititzen dute eta.

Hobeto esanda legalki emititzen hasi dira.

1987.ean frekuentzia banatu ziren Baskongadetako Komunitate Autonomoan, eta bi emisora hauek izan ziren zoriontsuenetako batzu, herrialde bakoitzean emisora bat lortu bait dute.

Apirilean Bilbaoko Onda Vasca eta Donostiako Radio Miramar-en, aurkezpena izan zen, eta hilabete honetan Gasteizko Miramar Irratia hasiko da martxan.

Irratiok entzulegoa entzuten duten irratiak bezala definitzen dira, eta independientetzat eta lokaltzat jotzen dute beren burua.

Orain arte partidu nazionalista bati lotuak egon direla uste izan dugu, baina akaso oker ibili gara.